Maiatzetik aurrera, Miramar Jauregia Europa mailako fabrikazioaren berrikuntzaren erreferentziako zentro bihurtuko da EIT Manufacturing erakundearen eskutik. EIT Manufacturing-ek Jauregitik koordinatuko ditu Espainian, Frantzian eta Portugalen dituen jarduerak.

EIT Manufacturing-ek, Europar Batasuneko Berrikuntza eta Teknologiaren Europako Institutuaren (EIT) parte den berrikuntza-komunitateak, bost egoitzetako bat jarri du leku historiko honetan. Helburua da Europa fabrikazioaren arloko berrikuntzaren mundu-mailako erreferentzia bihurtzea eta enpresek teknologia berriak azkarrago eta modu eraginkorragoan har ditzaten laguntzea. Enpresek, unibertsitateek, zentro teknologikoek eta inbertitzaile europarrek bilera egingo dute hemen, Europan fabrikazio-industria lehiakorragoa eta iraunkorragoa bultzatuko duen ekosistema berritzailea sortzeko.

Egoitza berri honetatik EIT Manufacturing West-ek koordinatuko du EIT Manufacturing-en Espainiako, Frantziako eta Portugalgo jarduera. EIT Manufacturing West erakundeak 15 bazkide ditu gaur egun, eta haien artean daude Aernnova, Mondragon Korporazioa, Manufacturing Alliance, ITP Aero eta Tecnalia euskal erakundeak. Gainera, kanpoko 12 enpresak baino gehiagok parte hartzen dute dagoeneko haren jardueretan. Europa-mailan, EIT Manufacturing-ek beste lau egoitza ditu Alemanian, Suedian, Austrian eta Italian, eta 65 bazkide baino gehiago ditu, unibertsitateak, ikerketa-zentroak eta enpresak barne.

Antoni Pijoan EIT Manufacturing West-eko zuzendariak azaldu duenez, “egoitza Miramar Jauregian izateak balio estrategiko handia du, Euskadiren irudia indartzen duelako eta bertako programak eta jarduerak tokiko ekosistemaren mesedetan ikusarazten dituelako”. EIT Manufacturing 2019ko amaieran hasi zen lanean Donostiatik, eta, urte horretan, Miramar Jauregian egin zen “MatchMaking” izeneko topaketaren lehen edizioa. Adituen topaketa horretan Europa osoko 200 profesionalek baino gehiagok hartu zuten parte. Pijoanek gaineratu duenez, EIT Manufacturing West-ek asmo handiko erronkei heltzen die orain: “parte hartzen duten enpresen eta finantzatutako proiektuen kopurua handitzea, eta, oro har, mundu-mailako ekoizpen-sare jasangarri eta lehiakor bat sortzen laguntzea, pertsonek trebetasunak eskuratu eta aukerak aurkitzeko eta berritzaileek beren proiektuetarako inbertitzaileak erakartzeko”.

Iker Goikoetxeak, Miramar Jauregiko zuzendari kudeatzaileak, nabarmendu duenez, “albiste ona da eta beste bultzada bat da Jauregiarentzat EIT Manufacturing West-en egoitza hartzea. EIT Manufacturing West fabrikazioaren arloko Europako berrikuntza-komunitaterik handienaren parte da, eta haren jarduerak enpresen sorkuntzari, berrikuntzari eta hezkuntzari buruzkoak dira”. Era berean, “aukera bat sortzen da, hain berezia den eraikin baten kokapen estrategikoa eta potentzialtasunak lerrokatzen baititu, haren jarduerak Donostiako, Gipuzkoako eta Euskadiko ingurune ekonomiko eta sozialean duen eragin biderkatzailea maximizatzeko”. Horri esker, “bizitza, ezagutza eta jarduera gehiago izango ditu eraikinak”. Orain, Eusko Ikaskuntzaren eta UPV/EHUko Uda Ikastaroen Fundazioaren egoitzak daude bertan.

EIT Manufacturing, ekimen finkatua

EIT Manufacturing West Donostian lanean hasi zenetik urte bat betetzearekin batera birkotatu da haren egoitza. Denbora horretan, bazkideek 36 proiektutan parte hartzea kudeatu du. Proiektu horiek 10 milioi euroko aurrekontu-zuzkidura izan dute, eta haietatik 3 milioi inguruk eragin zuzena izan dute Euskadiko enpresetan.

Hauek dira sareak gaur egun dauzkan erronketako batzuk: industriaren digitalizazioa ahalbidetzea, eta ekoizpen bizkorragoa eta malguagoa, ingurumenekoa eta sozialki jasangarriagoa izaten laguntzea. Horrela, kalitatezko lanpostuak sortzen, ikasleak prestatzen eta talentua duten pertsonak erakartzen lagunduko du, baita enpresei, zentro teknologikoei, unibertsitateei eta inbertitzaileei elkarreraginean aritzeko aukera emango dieten “berrikuntza-ekosistemak” sortzen ere.

EIT-ri eta EIT Manufacturing-i buruz

Berrikuntza eta Teknologiaren Europako Institutuak (EIT) indartu egiten du Europak berritzeko duen gaitasuna, mundu-mailako premiazko erronkei irtenbideak emanez eta enpresa-talentua sustatuz, Europan hazkunde jasangarria eta lanpostu gaituak sortzeko. EIT Horizon Europe Ikerketa eta Berrikuntzarako EBko Esparru Programaren parte da. Institutuak enpresa liderren, ikerketa-zentroen eta unibertsitateen arteko elkarte paneuropar dinamikoak –Ezagutza eta Berrikuntzarako EIT komunitateak– garatzen laguntzen du.

EIT Manufacturing-ek Berrikuntza eta Teknologiaren Europako Institutuaren (EIT) laguntza du, Europar Batasuneko erakunde bat. EIT-ren barruko zortzi berrikuntza-komunitateetako bat da. Besteak EIT Climate-KIC, EIT Digital, EIT Food, EIT Health, EIT InnoEnergy, EIT Raw Materials eta EIT Urban Mobility dira. EIT Manufacturing-en helburu nagusia berrikuntza-ekosistemetako fabrikazioan diharduten Europako eragile nagusiak biltzea da. Eragile horiek aparteko balioa emango diete Europako produktu, prozesu eta zerbitzuei, eta mundu-mailako fabrikazio-industria jasangarri eta lehiakor baten sorrera inspiratuko dute. EIT Manufacturing-ek 65 erakunde baino gehiago biltzen ditu (unibertsitateak, ikerketa-institutuak eta enpresak), eta haien artean daude, adibidez: Atos, Avio Aero, CEA – Atomic Energy and Alternative Energies Commission, Chalmers University of Technology, Comau, Czech Technical University in Prague, ESI Group, Festo, Fives Group, Fraunhofer Gesellschaft, INESC TEC, Jozef Stefan Institute, Magna, MONDRAGON, Politecnico di Milano, PRIMA, P&G, Sandvik Machining Solutions, TU Darmstadt, voestalpine High Performance Metals, Volkswagen, Volvo Group, VTT, Whirlpool.

EIT Manufacturing West-i buruz

EIT Manufacturing West, S.L. EIT Manufacturing enpresaren bost Co-Location Center-etako (CLC) bat da. Donostian dago CLC West, eta Europako hiru herrialderi ematen die zerbitzua: Frantzia, Portugal eta Espainia. Azken bi herrialdeak EIT Regional Innovation Scheme (RIS) ekimenaren parte dira. EIT Manufacturing CLC West enpresak lankidetza estuan lan egiten du industriatik, ikerketatik eta mundu akademikotik datozen 15 kideekin. Kide horien artean daude Arts et Métiers Paris Tech (HESAM Unibertsitatea), Nanteseko Ecole Centrale, Grenoble INP (Grenoble Alpeak Unibertsitatea); zentro teknologikoak: CEA, CT-IPC, INESC-TEC, Tecnalia, Manufacturing Alliance; industria-enpresak: Fives Group, ESI Group, Sonae, Aernnova, ITP Aero, eta Aerospace Valley eta Mondragon Corporation industria-erakundeak. CLC West-en kolaboratzaileen sareak, gainera, honako hauek ere barne hartzen ditu: EMC2 (Frantzia), Mobinov eta Produtech (Portugal), eta, hurbilago, Adegi, AFM eta AIN, bai eta EITMk finantzatutako jardueretan bazkide gisa parte hartzen duten erakundeen gero eta sare handiagoa ere.

Albisteak