Atzo Miramar Jauregian izan zen Basque Culinary World Prize 2022 saria Fatmata Binta chef afrikarrari emateko ekitaldia. Binta fulani sukaldaritza nomada modernoaren erreferentzia da, eta Afrikako tribu nomada handienaren sukaldaritza-kulturak duen potentziala ezagutarazteko eta garatzeko egiten ari den lana saritu nahi da.
Basque Culinary World Prize sari bakarra da, eta mundu-mailakoa, eta Eusko Jaurlaritzak (Euskadi-Basque Country estrategiaren esparruan) eta Basque Culinary Center-ek (gastronomian aitzindaria den erakunde akademikoa) ematen dute. Sariak askotariko arloetan (esaterako, berrikuntza, teknologia, hezkuntza, ingurumena, osasuna, elikagaien industria, eta garapen sozial eta ekonomikoa) nabarmentzen du ekimen eraldatzaileak abian dituzten chefen lana.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegiturako sailburu Arantxa Tapiak eman zion saria Fatmata Bintari. Ekitaldian ere Pedro Subijana, Basque Culinary Center-en Patronatuaren ordezkari gisa; Trine Hahnemann, Basque Culinary World Prize saria emateaz arduratzen den epaimahaiaren ordezkari gisa; eta Vicente Atxa, Basque Culinary Center-en Patronatuaren presidenteak parte hartu zuten.