Itsas sektoreko industriako eta enpresetako 500 profesional inguruk parte hartu zuten martxoaren 9an eta 10ean Donostiako Kursaalean, Nautikako Enpresen Elkarte Nazionalak (ANEN) antolatutako X. Nautiko Biltzarrean, ‘Bultzada urdineko hamarkada bat’ izenburupean.

Estatuko eta nazioarteko hizlari adituek sektorearen egungo egoeraren interpretazioa eskaini zuten, eta gai hauei buruz eztabaidatu zuten: prestakuntza, turismoa eta portuak, ekonomia, iraunkortasuna, digitalizazioa eta legeria.

Quico Taronjí kazetari, abenturazale eta nabigatzailea izan zen ekitaldiaren gidaria, eta Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak eta Marisol Garmendia Donostiako Udaleko Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Ekologia zinegotziak inauguratu zuten ekitaldia.

Ondoren, Santiago Niño-Becerra Ekonomia Zientzietako doktoreak sektore nautikoaren egungo egoera ekonomikoa aztertu zuen, eta Petros Michelidakis Boot Düsseldorfeko zuzendariak, berriz, industria nautikoa gaur egun nazioartean zein egoeratan dagoen azaldu zuen.

Kursaaleko hitzaldien eta analisiaren ondoren, parte-hartzaileek sektore nautikoaren koktel batez gozatu ahal izan zuten, Miramar Jauregiaren esparru paregabean.

Albisteak