Miramar Jauregiak irudi berria estreinatu du ibilbide berri bati hasiera emanez Kursaal Zentroko lantaldearen kudeaketa eta esperientziaren eskutik.

Nortasun berriak Jauregiaren estilo arkitektonikoa ekarri nahi du gogora, eraikinaren kanpoaldean eta barruan dauden forma angelutsuak nabarmenduz. Horretarako, Husmee estudioak, identitate berriaren egileak, marka letra larriz osatzea erabaki du, eta horrek morfologia zuzena emateaz gain, izaera solemneagoa eta dotoreagoa ematen dio. Gainera, logotipoaren “A” letren aldaera bat erabili da; ez dute zeharkako adarrik, eta teilatuaren bi isurkiko estalkien ezaugarriak gogora ekartzen dituzte. Ariketa honek nortasun handiagoa ematen dio markari, eta, gainera, hasierako « M » letra osatzeko aukera ematen du, sinbolo gisa jardungo duena.

Marka hiru elementuk osatzen dute: sinboloak, logotipoak (Miramar) eta deskripzioak (Palacio/Jauregia). Bakoitza bere aldetik funtziona dezaketen osagaiekin (Logotipoa/ Sinboloa/ Deskribapena) jolastuz, markak askotariko bertsioak hartzen ditu formatu eta plataforma desberdinetan integratzeko. Honela, denboran irauteko marka soil eta dotorea sortzen da, freskotasuna ematen duena eta Miramarren irudia modernizatzen duena, gaur egungoaren eta tradizionalaren arteko kontrasteen harmonian.

Albisteak